lunes, 21 de noviembre de 2011

Altxorraren saskia

Altxorraren Saskia adin txikikoentzat oso proposamen polita eta aberatsa dela iruditzen zait eta egunero zaindu beharrekoa. Haurra eserita mantentzen den momentutik, saskian dauden objektuak aukeratzeko eta manipulatzeko aukera izango du. Otarrean dagoen materiala arrunta bada ere, oso aberatsa eta baliagarria da jolaserako, zentzumen guztiek parte hartzen baitute. Objektuaren arabera haurrak sentsazio ezberdinak bizituko ditu (metal eta kristalarekin hotza, egur eta oihalarekin beroa, kargak...). Haurrak nahi duen bezala manipulatuko ditu eta ez du arriskurik izango.

Saskian aurkituko ditugun materialak maiz aldatzea komenigarria da. Honakoak izan daitezke: pina buruak, oskolak, arropa pintzak, zepiloak, koilarea edo espatula, uztai txikiak, larruzko kartera, tenis pilota, giltzak, kateak inbutuak, ispilu txikia etab. Plastikoa ez dugu erabiliko.
Jolasa izateaz gain, haurraren sozializazioaren prozesurako esperientzia lagungarria da. Beren arteko begiradak, tirabirak eta besteak egindakoaren desioa pizten da. Taldeko jolas bihurtzen da eta horretarako garrantzitsua da saskia biribila izatea. Horrela, hiru edo lau lagunek parte hartzeko aukera izango dute.

Helduaren lana begiratzea izango da eta ez jolastea. Komunikazioa begiradaren bidez gauzatuko da. Helduak distantziatik haurra gehiago ezagutzeko aukera izango du. Liskarrak sortuz gero beren artean konpontzeko denbora emango diegu, baina erne egongo gara minik har ez dezaten.

Ondoren, altxorraren saskiarekin haur eskola batean egindako saio bat jarri dizuet, bertan haurrak eguneroko objektuekin duten interakzioa ikusiko duzue.



No hay comentarios:

Publicar un comentario